DONOSTIAKO GAZTEEK GABONETAKO POSTAL BAT DISEINATU DUTE ERREALITATE AREAGOTUAREKIN

Real Sociedad Challenge 2.0

Gaur, ostirala, amaitu da “Real Sociedad Challenge 2.0” ekimenaren bigarren edizioa Reale Arena estadioan. Proiektu honen burua Sustapen Ekonomikorako Zinegotzigoa da Donostia Sustapenaren bidez, Real Sociedad Fundazioarekin elkarlanean. Edizio honetan Donostiako 14 eta 18 urte bitarteko 288 ikaslek parte hartu dute, eta errealitate areagotuarekin motibo txuri-urdinak dituen Gabonetako postal bat diseinatzeko erronka izan dute. Ekintza Ikastolako DBH4A ikasgelak jaso du "Proiektu onena" kategoriako saria. 

Sustapen ekonomikorako zinegotzi Marisol Garmendiak hau adierazi du sariak emateko ekitaldian: “Ekimen honen helburua da gazteen talentua sustatzea ezagutzaren eta teknologia berrien erabileraren bidez, haientzat oso erakargarria den esparru batean, hau da, Real Sociedad erakundearekiko elkarlanean. Jarduera hau bat dator Donostia Sustapenean, hezkuntzaren arloan, berrikuntzari lotuta gaitasuna garatzeko eta entrenatzeko ‘Donostia Innovation Campus’ estrategiaren bidez egiten dugun lanarekin."                                                                 

Bestalde, Real Sociedad Fundazioko zuzendaria, Andoni Iraolak, adierazi du “Realean futbol talentuarekin lan egiteaz gain, bokazioen sustapena ere bultzatzen dugu. Zentzu horretan, beste esparru batzuetan talentua identifikatzea, baloratu eta estimatzen dugun zerbait da”. 

Real Sociedad Challenge ekimenaren bigarren edizioan hiriko sei ikastetxek parte hartu dute: St Patrick´s English School, Ekintza Ikastola, Jesuitak, Aldapeta, Nazaret eta Santo Tomas Lizeoa. 

Irailean prozesua hasi zenetik, hamabi taldetan banatu diren 288 parte hartzaileek lan egin dute planteatu zitzaien erronkan, prestakuntza ibilbide baten bidez.  Denbora tarte horretan eta helburuak betetzeko, baliabide egokiak jarri dira haien eskura online: Youtubeko kanal propio bat, aholkularitza saio teknikoak (Canva, Audacity, Tinkercad, Skoobi), tutoretza bideoak eta asteko online tutoretzak. Gainera, ikasleek, besteak beste, Audacity (audioak grabatzeko eta editatzeko softwarea) edo TinkerCad (3D elementuak modelatzeko eta diseinatzeko programa) bezalako tresnak ezagutu dituzte online prestakuntza saioen bidez. 

Lanaren prozesua amaitzean hiru proposamen hautatu ziren, erronkako hiru kategorietarako bana. Hauek dira ideia irabazleak: 

•        Proiektu onena: Ekintza DBH4A 

•        Narratiba onena. Aldapeta 1B 

•        Diseinu tekniko onena. Santo Tomas Lizeoa 

Proiektuak alderdi hauek konbinatzen dituzten irizpideetan oinarrituta ebaluatu dira: diseinuaren alderdi teknikoak, proposamenaren originaltasuna, proposatutako erronkarekiko egokitzapena edo errealitate areagotuaren erabilera.

Donostia Sustapenarekin egindako lankidetza honen bitartez, Real Sociedad Fundazioak beste pauso bat eman du hezkuntza-ildo estrategikoan. Real Sociedad Fundazioak hezkuntza arloari balio erantsia ematen ahalegintzen da, proiektu espezifikoak sortuz eta pertsonen prestakuntzan laguntzen duten beste erakunde batzuekin lankidetzak sortuz.

 

 

 


Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!