Realak Made In Gipuzkoa, Gure izaera eta egikera liburua aurkeztu du gaur, Reale Arenako Auditorio berrian. Jokin Aperribay presidentea, Andoni Iraola Fundazioko arduradun eta klubaren Presidentzia saileko zuzendaria, Roberto Olabe Futboleko zuzendaria eta Luki Iriarte Futbol Hezkuntzako zuzendaria arduratu dira argitalpenaren edukiak eta liburua idazteko klubak izan dituen arrazoiak azaltzeaz.
Klub txuri-urdinak editatuta, eta Donostiako Dimension agentziarekin batera garatuta, liburuak eredu batez hitz egiten du, Realaren ereduaz, bihotz txuri-urdina den Zubietaren ereduaz.
Eneko Goia Donostiako alkatea, Goizane Álvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendaria eta Manu Díaz, Gipuzkoako Futbol Federazioko presidentea ekitaldian izan dira, hitzartutako klub gehienen ordezkariak, baita hainbat legenda txuri-urdin, gizonen lehen eta bigarren taldeko entrenatzaileak, Imanol eta Xabi Alonso ere. Emakumezkoen entrenatzaileak, Natalia Arroyok ezin izan du bertan izan gaur egin dioten ebaketarengatik.
Liburuan gipuzkoar harrobiko jokalariekin egunero lan egiten duten pertsonetako askok parte hartu dute. Dena ematen ahalegintzen diren pertsonak, xede, helburu, konbentzimendu eta bokazio berberekin lotuak. Zubietaz hitz egiten dugunean, ez garelako espazio fisiko batez ari, baizik eta gipuzkoar neska-mutilekin egiten den lana biltzen duen kontzeptu batez. Eskola kirola, futbol eskolak, hitzartutako klubak eta Realaren taldeetan bertan talentuen ibilbidean egiten den lana.
Made in Gipuzkoa liburua lurralde baten izaera islatzen duen eredu baten ikuspegi estrategikoa partekatzen hasten da. Balio horiek Gipuzkoaren izaera eta egikera nola osatzen duten kontatzen du, nola diren Realeko haurrak prestatzeko prozesu osoaren itsasargia. Izateko arrazoia. Horrenbestez, Realak esaldi bat ondu du, Izaeratik jokoa, jokotik izaera, Realaren lan egiteko modua adierazteko, gipuzkoar nortasunari guztiz lotuta.
Liburuan gauzak egiteko modu desberdin horren jatorria aurkitzen dugu. 1909an kluba sortu zenean dagoeneko balioez hitz egiten bazen ere, futbolaren alderdiez gain, 1952an, gazteen lehen taldea sortu zenean geratu zen agerian agindu bat zegoela, berezitasun bat, harrobi txuri-urdinaren prestakuntzarako oinarria. Urte hartan zerbait gertatu zen.
Made in Gipuzkoa liburuko orrialdeetan barna, Zubietak erakusten duen ereduaren muina aurkitzen dugu: pertsona, ez futbolaria soilik. Etorkizunean zer izango den oraindik ez dakigun neska edo mutil hori: futbolaria, ingeniaria, medikua, mekanikaria, ebokatua…, hori da guztiaren erdigunea. Pertsona bakoitza, eredu horretan, berez da proiektu bat, eta horren inguruan mugitzen da gainerako guztia. Teknikari txuri-urdinek lagundu, zaindu eta prestatzen dituzte neska-mutilak ibilbide guztian zehar, egonkortasuna emanez, konfiantzan eta pazientzian oinarritutako eredu baten plataforma gisa. Zaindu, prestatu, lagundu; finean, hezi. Hori da ordezkatu nahi dugun komunitatetik, Gipuzkoako familietatik, oro har gipuzkoar gizartetik jasotzen dugun agindua.
Liburuan azaltzen da egikera desberdin hori ezingo litzatekeela posible izan kirolean inplikatuta dagoen komunitate baten, Gipuzkoaren, lana egongo ez balitz. Futbol eskolak eta eskola kirola funtsezkoak dira prozesuan, eta, aldi berean, bereizgarriak dira.
Argitalpenean azaltzen denez, gazteekin lan egiten duten profesionalek oso gertutik bizi dituzte, familiekin batera, emozio kontrajarriz betetako prozesu bateko une guztiak. Zubietara iristen direnetik irteten diren arte.
Made in Gipuzkoa liburuarekin, Realak mundu osoan gero eta gehiago nabarmentzen den bere prestakuntza eredu integrala partekatu nahi izan du. Eredu horretan aurkitzen dugu talde txuri-urdinak bestelako molde batez lantzen duela baldintzei, emozioei, osasunari, prebentzioari eta errendimenduari, arlo akademikoari eta abarri lotutako guztia. Realean funtsezkoa da futbolariek ulertzea zer den jokoa, eta 12 urterekin atetik sartzen direnetik erakusten zaie hori. Datua funtsezkoa da. Dena xehetasun guztiekin aztertzen da, elkarri konektatuta lan egiten duten unitateekin, kirolarien talentua ahalik eta ondoen garatzeko, kirolaren elitearen eskakizunetara bideratuta.
Harrobia lantzeko garaian klubak bere buruari ezartzen dizkion tresnak aipatzen dira. Realarentzat, tresna horiek betebeharrak dira, baita jakinda ere horrek esan nahi duela ez garela besteen baldintza berdinetan lehiatzen. Jokalari bat ez da inoiz Zubietara iristen 12 urte bete baino lehen. Neska-mutil guztiek bermatuta dute minutu batzuk jokatuko dutela…
Realarentzat, zigilu bat dago, entrenatzeko eta jokatzeko modu propio bat. Futbola ikusteko modu horren oinarrian liburu honetan argia ikusten duen futbolaren dekalogoa dago.
Eta munduan barrena ibili gara, harrobi txuri-urdinean prestatu eta nazioartean maila gorenean ibilitako futbolari ospetsuak aurkitzeko. Munduko txapeldunak, Europakoak, Championsekoak, Kopakoak, Ligakoak… futbol planetako bitrina askotan Zubietako zati bat dago distira egiten. Arrakasta handiak, eredu baten parte. Baina partaide izan ziren eta inoiz futbolari profesional izatera iritsi ez ziren pertsonen lekukotzak ere jasotzen ditugu liburuan.
Eta etorkizunaz ere hitz egiten da, argi utziz Zubieta Gipuzkoak izatea nahi duena izango dela.
Finean, Realak, Made in Gipuzkoa argitaratuta, talentuaren garapenean oinarritutako ikuspegi bat partekatu nahi izan du, zimenduak Gipuzkoako txoko, auzo, herri bakoitzean dituena.
Bideoa protagonista ospetsuekin
Are gehiago, Realak bideo batekin aurkeztu du: protagonistak Realaren muina dira, eredu bakan bat garatzen eta finkatzen ezinbestekoak izan diren eta diren pertsonak.
Xabi Prieto | 15 denboraldi Realean jokalari. |
Salva Iriarte | 35 urte klubean, jokalari eta teknikari. Ligako txapelduna bi aldiz. |
Roberto Lopez-Ufarte | Ligako txapelduna bi aldiz eta Kopako eta Superkopako txapelduna. |
Jesus Mari Zamora | Ligako txapelduna bi aldiz eta Kopako eta Superkopako txapelduna. |
Alberto Gorriz | Ligako txapelduna bi aldiz eta Kopako eta Superkopako txapelduna. Lehen t aldean partida gehien jokatu duen jokalaria. |
Garbiñe Etxeberria | Realeko emakumeen entrenatzailea eta kirol zuzendaria. |
Juanan Larrañaga | Ligako txapelduna bi aldiz eta Kopako eta Superkopako txapelduna. |
Imanol Agirretxe | 75 gol Realarekin. Gure goleatzaile handietakoa. |
Roberto Olabe | Realeko jokalaria, entrenatzailea eta futbol zuzendaria. |
Lorenzo Juarros LOREN | Kopako txapelduna. Kirol zuzendaria. |
Aintzane Encinas | Realeko internazionala eta entrenatzailea. |
Luis Arconada | Liga bi aldiz eta Kopa eta Superkopa lortu zituen taldeko kapitaina. |
Xabi Alonso | Ligako txapeldunordea, Munduko eta Europako txapelduna, eta Sanseko teknikaria. |
Luki Iriarte | Realeko Futbol Hezkuntzako zuzendaria. |
Imanol Alguacil | Kopako txapelduna. Jokalaria eta lehen taldearen entrenatzailea. |
Liburua salmenta plataforma digital nagusietan eta Euskadiko liburu dendetan eskuratu ahal izango da, baita Realaren denda ofizialetan ere, gaztelaniazko bertsioan zein euskarazkoan. Jendearentzako salmenta prezioa 19,50 € izango da.